Politika

ATENTATUA MADRILEN

Bonba-auto bat zartarazi dute Madrilgo Barajas aireportuan

2006/12/30

Sei lagunek zauri arinak izan dituzte. 08:00etan Gipuzkoako DYAra deitu dute lehergailuaz ohartaraziz, ordu erdi geroago, beste dei bat jaso dute SOS Deiaken, ETAren izenean oraingo honetan. 09:00etan lehertu da autoa.

Bonba-auto bat zartarazi dute Madrilgo Barajas aireportuko 4. terminalean, 09:00etan. Ordubete lehenago, lehergailuaz ohartarazteko deia egin du lagun batek Gipuzkoako DYAra (Premiazko Laguntza Errepidean).

Ordu erdi geroago, beste lagun batek Gipuzkoako SOS Deiak erakundeari eta Madrilgo suhiltzaileei deitu die, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Kasu honetan, ETAren izenean hitz egiten zuela esan du lagunak. Furgonetaren xehetasunak eta kokapena azalduta, ohartarazpena kontuan hartzeko deia egin die.

Erasoak zazpi lagun zauritu ditu, tartean bi polizia nazional. Samur beste 18 lagun artatzen aritu da, mina sorbaldan eta zauri arinak zituztelako. Bonba-autoa zegoen aparkalekuko sabaia jausteaz gain, 4. terminaletik irtenarazitako bidaiariak pistan daude, zerbitzutik kanpo utzi dutelako terminal hori.

DYAri emandako lehen oharra 08:00etan izan da. Dei horretan, gizon batek bonba-auto bat jarri zutela Barajaseko aireportuko 4. terminalean adierazi du, eta 09:00etan egingo zuela eztanda.

Itxita egon ondoren, Madril-Barajas aireportuko 4. terminala hegaldiak operatzen hasi da, fardelak fakturatuta eta haiekin ontziratzeko txartelak zeuzkaten bidaiariekin, "pixkanaka" terminala garbituz joateko, Iberiatik esandakoaren arabera.

Martxoan ETAk su-eten iraunkorra iragarri zutenetik, bake-prozesuaren webgune berezia dauka eitb24.comek.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta