2008/09/08
'Ike' urakan arriskutsua Kuba astintzen hasi da gaur, hirugarren mailako zikloi bihurtuta, Urakanen AEBetako Zentroak jakinarazi duenez.
'Ike' 195 kilometro orduko haizeekin ari da Kuba jotzen, eta oraingoz ez du bere ibilbidea aldatu. Hala jarraitzen badu, ekialdetik mendebaldera zeharkatuko du uhartea hurrengo 36 orduetan.
Miloi bat herritar inguru eta gutxienez 13.000 turista ebakuatu behar izan dituzte.
Kubara heldu baino lehen, urakana Bahametan izan da, eta kalte material handiak egin ditu. Izan ere, etxebizitzen %50-80 artean suntsituta geratu dira. Haitin, gainera, gutxienez 48 pertsona hil dira.
Kuba utzi eta gero, 'Ike' Mexikoko Golkoan sartuko da asteazkenean, eta berriro hirugarren mailako (bostetik) urakan izango da.
Urakan denboraldia, oso aktiboa
Aurtengo urakan denboraldia (ekainaren 1etik urriaren 30era) oso aktiboa ari da izaten Atlantikoan, orain arte 10 ekaitz tropikal eta bost urakan eratu baitira.
AEBetako meteorologoen arabera, 14-18 ekaitz tropikal eratuko dira, eta horietako 7-10 urakan bihurtuko dira.
Euskadi Irratiko azken albistegia