2008/09/08
Richard Oribe euskal kirolariak zilarrezko domina lortu zuen Beijingo Joku Paralinpikoetan, euskal kirolarien aurreneko domina eskuratuz. Igerilekuan izan zen, 100 metroko S4 igeriketan.
Oribek, Donostian jaio zena duela 34 urte, 1:26.62an gelditu zuen kronometroa David Smetamine frantziarraren (1:24.67) atzetik. Hirugarren Jan Povysil (1:26.75) txekiarra sailkatu zen.
Gipuzkoarrak hamaikagarren domina du honako hau bere ibilbide paralinpiko luzean. Atlanta'96an hiru urre eta zilar bat, Sidney'00an lau urre eta Atenas'04n zilar bat eta brontze bat.
Jardunaldiko beste euskaldunak
Pista txirrindularitzan Victor Hugo Garridok ez du sailkapen fasea gainditu. Eta Javier Otxoa ere urrezko borrokatik kanpo geratu da baina bestelako eran. Banakako CP 3 jazarpen proban sailkapen saioan kanporatu dute finalerako txartela lortuta zuenean. Epaileen ustez Otxoak ez du errespetatu Darren Kenny-rekiko distantzia eta britaniarraren gurpila aprobetxatu du. Beraz, bizkaitarrak ez du berretsiko Atenasen lortutako zilarra.
Judoan ere Sheila Hernadezek eta Laura Garciak ez dute sailkapen fasea gainditu. Eta boccian Yolanda Martin eta Santiago Pesquera liga sistemako lehen txandan daude. Yolanda Martinek galdu egin du Armando Costa portugaldarraren kontrako partida eta Santiago Pesquerak Dimitrios Michos greziarrari irabazi dio.
Euskadi Irratiko azken albistegia