2008/09/07
BBK eta Kutxa aurrezki kutxen arteko bat-egitearen aurka agertu dira berriro euskal sozialistak eta horretarako mezu gogorra erabili dute. Vital Kutxak beste autonomi erkidegoetako finantza-erakundeekin "itunak" bilatuko dituela ohartarazi dute.
Txarli Prieto PSEko Arabako idazkari nagusiaren ahotan, "indartsu izateko Arabak ez du Bizkaiaren eta Gipuzkoaren beharrik. Ez da beharrezkoa Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin bat egitea, merkatua oso zabala delako eta akordioak lortzeko ateak zabalik direlako".
Bizkaiko eta Gipuzkoako bi kutxen arteko bateratzea interes politikoak bultzatzen duela uste du Prietok, izan ere, "EAJko sektore erradikal batek EAEn fusioa bultzatu nahi du nahitaez, bat-egite areriotsua beharrezkoa bada erabiliz". Era horretako politikekin "EAEko zatiketa lortuko dute. Politika horiek suizidio politikora eramango dute."
Bestalde, Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramailea fusioaren aurka azaldu da eta EAJ kritikatu du, "bere interes politikoen alde egiten ari delako" prozesu hori bultzatuta.
EA, EB eta Aralar bat-egitearen alde
Eusko Alkartasunako Politika Instituzionaleko idazkariak, berriz, Vital Kutxak kutxen bat-egitean "hasieratik" parte hartu behar duela uste du, "Arabako herritarren beharrizanei erantzun egokia emateko". Era berean, "aurrezki kutxen fusioarekin alderdikeria egiteari utz diezaioten" eskatu die PSEri eta PPri.
Mikel Arana Ezker Batuako bozeramailea fusioaren alde agertu da, "gardentasunez egiten bada eta lanpostuak mantentzen badira".
Gainera, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak ere bateratzearen alde egin du, Nafarroako eta EAEko aurrezki kutxen "batasuna lortzeko ematen den edozein pausu garrantzitsua delako, are gehiago krisi garaietan".
Euskadi Irratiko azken albistegia